XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

eta hura noizean behin ikusi izanaren bozkarioa duket sakrifizio horren ordaina.

Nire gutuneko atal hori da orobat Volanges andereñoarentzat prestatua duzun eta nire jokabidearen arabera deliberatuko bide duzun asturuaz den bezanbatean zuk erraten didazunari eman diezaiokedan erantzun bakarra.

Seduzitzaile zital bat ari izaten ahal da egoera nolako xedea halako, eta kalkulatzen ahal du gertakarien arabera: baina gogoberotzen nauen amodioaren karietara bi sentimendu baizik ez zaizkit haizu: kuraia eta jarraikitasuna.

Nork, nik! Volanges andereñoak ahantz nazan onartu, nihaurk hura ahantz dezadan onartu?

Ez, sekula ez! Leiala izanen natzaio; hartua du zin hori, eta egungo egunean berriz ere dagiot.

Barka, andrea, desbideratzen naiz, natorren neure baitara.

Badut oraino bertze puntu bat zurekin solastatzeko, erran nahi baita, eskatzen dizkidazun gutunena.

Zinez penatzen nau bertze uko bat erantsi beharrak dagoeneko kausituak dizkidazun hutsegiteei: baina, arren otoi, entzun nire arrazoiak, eta oroit ezazu, otoi, on iruditu ahal dakizkizun, zure oniritzia gordetzeko esperantza dela zure adiskidantza galdu izanaren atsekabea kontsolatzeko era bakarra.

Volanges andereñoaren gutunak, niretzat betiere arras baliosak, are dira baliosagoak une honetan.

Gutun horiek dira gelditzen zaidan ondasun bakarra; soilik haiek irudikatzen didate oraino nire bizitza edertzen duen sentimendua.

Haatik, sinets nazakezu, ez nuke instant batez ere dudatuko sakrifizio hori zuri eskaintzeaz, eta gutun horiez gabetua izanaren doluak amore emanen lioke zuri dizudan begirunezko adeia zuri frogatu nahiari; zernolako ahaltsuek bararazten naute ordea, eta segur naiz zuhaurk ere ez dituzula gaitzetsiko.